Chapel of Our Lady of the Way

Bideko Ama Birjinaren imajina, policromatua eta zilarrez forratua dago. Tradizioaren arabera, presbiterioan dagoen zurezko goihabe batean agertu zen 1487an. Alfarotik (Errioxa) etorri omen zen modu miragarrian. Dena den, benetako datu historikoaren arabera, klaustro gotikoko horma-konka batean egon zen lehenik bere irudia. Baina klaustroa suntsitzen hasi zelarik, korupeko Kristo Santuaren kaperara eramana izan zen.

Bideko Ama Birjinarekiko debozioa zabaltzen hasi zenean, klaustro hondatu hura kendu eta kapera berri bat eraikitzea pentsatu zuten. Hortaz, XVIII. mende erdialdean hasi ziren lanak eta 1774an izan ziren bukatuak.

Barrokoa da erretaula, eta Ama Birjinaren inguruan agertzen dira bere gurasoak, San Joakin eta Santa Ana. Ezker-eskuinean, berriz, lau Bertute Kardinalak ikusten dira: sendotasuna, zuhurtasuna, zuzentasuna eta neurritasuna. Erretaularen goialdean, erdi-erdian, San Joseren irudia dago. Behealdean, berriz, Sortze Garbiaren eta Avilako santa Teresaren tailuak dira azpimarratzekoak. Azkenik, anitz aingeru eta kerubin agertzen dira erretaulan.

Iruindarrek bizirik mantendu dute beti Bideko Ama Birjinarekiko debozioa, eta Iruñeko Erregina eta Andre bezala ohoratzen dute.